Kafepintxo

10 urte mundua Edonola azaltzen

Gaur Edonolak, irakurtzen hari zaren blog honek, 10 urte betetzen ditu. Zifra borobila, zenbaki handia. Hamarkada oso bat txoko xume hau martxan jarri nuenetik. Asko pasa da ordutik eta asko aldatu da blog hau. Hasieran beste helburu bat zuen eta, denboraren poderioz, genetikari buruzko bloga bilakatu da. Eta apaltasuna alde batera utzita, demontre, egun handia baita, euskarazko dibulgazioaren erreferente izatera heldu da.

Gaurkoa ospakizun handia izan beharko luke baina, bizitzaren kontuak, egun batzuez atzeratu beharko ditut ospakizunaren kafepintxoa eta ospakizuna bera. Zuetako batzuek jakingo duzuen bezala lan berri batean hasi naiz, Biodonostia OIIn. Batu naizen lan-taldeak harreman oso estuak ditu Karolinska Institutet-ekin (izan ere erakunde horretara elkartua nago) eta post hau argitaratzen den unean Stockholmera bidean noa lan kontuak direla eta. Susmatzen dudanez bertan kafepintxo bat topatzea zaila izango dela, kafe bat eta bertoko goxo tipikoren bat hartuko ditut egun handi hau ospatzeko.

Baina ez kezkatu, bi egun barru bueltan naiz eta momentu handi hau behar bezala ospatuko dugu! Asko dugu gogoratzeko: hastapenak, telesailei buruzko kronikatxoak, dauden argazki guztiak eta, nola ez, dibulgazioan egindako ekarpenak, batez ere KZJaia3-aren anfitrioia izaterakoan. Gainera udaberri osoa dugu bidelagunek idatzitakoa argitaratzeko, beno, bidaltzen baduzue…

Ondo ibili eta gaur hartu kafepintxo bat Edonolaren omenez!

Utzi erantzuna