Telesailak

2013ko 50. asteko serieak

Aste honetan serieren bat bukatu zaigu eta beste batzuk gabonetako bidean jarri zaizkigu.
 

 

Homeland – 03×11 – Big Man In Tehran

 
Brody-k denetarik pasa du bere misioa bete artean: atxilotua egon, Akbari-ekin batzartzear zegoenean Nazir-en alargunarekin egon, gero Iraneko izar bilakatu, EEBB-ek ia hiltzen dute eta azkenean Akbari hiltzen du. Ea, entretenigarria izan da baina batzutan pixkat astuna egin zait, batez ere Carri eta bere Carriekeriekin. Beti momentuoro Saul-en plana pikutara joan daitekela dirudi baina, tira, badirudi lortu duela. Orain kontua Brody Iranetik ateratzea izango da.
 

 

Revenge – 03×09 – Surrender

 
Gaurko lasto guztiaren ostean berriro ere Daniel eta Emily arteko ezkontza baten atarian jartzen gaituzte. Lastoa diot zeren ebatzi diren kontu gehienak zarata ziren: Daniel beste tipa batez maiteminduta egotea, Conrad eta Lydiaren kontua, Charlotte gaiztoaren egiten uztea, Jack-en ingurukoak, etab. Hori bai, Lydiak ditxosozko argazkia aurkitu du berriro eta Victoria ezkontzara ez denez joango Emily-ren plana pikutara doala dirudi. Auskalo.
 

 

Major Crimes – 02×14 – All In

 
Kapitulua kasuan gehiago zentratu da euren kontuetan baino. Flynn-ena izan ezik, pixkat harraroa, baina kuriosoa izan da. Eta Rustyn, baina hori itxarotekoa zen. Kasua oso ondo, justu bukaeran ebazten dute eta modu oso harrigarrian. Egon diren birak eta kontuak ondo eraman dira. Kapitulu atsegina eta entretenigarria.
 

 

Misfits – 05×08 – Series 5, Episode 8

 
Seriaren bukaera. Beste batzuetan ere erabili duten baliabidea erabili dute: pertsonaia batek denboran bidaiatu eta gero atzera itzuli gauzak konpontzeko. Hala ere entretenigarria izan da, kapitulu normal batekin bukatu dute. Txantxa askorekin, oso onak batzuk (adibidez Rusty-ri titietatik esnea ateratzen zaionean) eta agerikoak zirenekin jolasten, pixkat meta zentzu horretan. Eta bukaera, Jesse bueltatzerakoan, oso normala, bukaera ireki batekin. Atsegina izan da, seriaren espiritua mantenduta.
 

 

Marvel’s Agents of S.H.I.E.L.D. – 01×10 – The Bridge

 
Gabonetako geldialdiaren aurrean pixkat zirkulua itxi dute. Lehen kapituluan agertu zen tipoa kasu honetarako berreskuratu dute. Kapitulua denboraldiko nemesian eta korapilo nagusian zentratu da eta pertsonaien arteko harremanean ere pixkat sakondu dute. Ondo egon da, entretenigarria izan da eta bukaeran cliffhanger handi batekin utzi gaituzte. Urtarrilean ikusiko zer gertatuko den.
 

 

Modern Family – 05×10 – The Old Man & the Tree

 
Gabonetako berezia. Ba, egia esan, ez dit askorik esan. Egon diren korapilo ezberdinek nahiko hotz utzi naute, batez ere Cam-Lily-Mitchel izan dutena eta Dunphy arrebak bizi dutena. Besteak hobeto, baina beste barik. Agian kapituluko onena bukaerako gag-a izan. Ozta-ozta kapitulua.
 

 

Parenthood – 05×10 – All That’s Left is the Hugging

 
Hainbat aste pasa badira ere seriean Christina-k hauteskundeak galdu osteko egunean jartzen gaitu. Kapituluan beran hainbat kontu ixten dituzte, hauteskundeak eta Ambre eta Ryan artekoa. Azken hau tentsio eta momentu gordinak eman ditu, modu bikainean eramanda, bai antzezpenean bai baliabide teknikoetan (irudiak soinu gabe, esate baterako). Bestalde Drew-ren inguruan badirudi korapilo berri bat sortuko dela, baita bere amak auzokidearekin dituenak eta, azkenik, Julia eta Joel artekoa ez dakit oso ondo nola bukatuko duen. Badirudi aurretik denboraldia dugula.
 

 

Scandal – 03×10 – A Door Marked Exit

 
Kapitulu honetan aurrekotan zabaldutako (eta eskuetatik joandako) korapilo gehienekin gutxi gora-behera bukatu dute. Oro har zuzena izan da, kontu handirik gabe (B613 buruzagi berriarena akaso), susmatzen ziren gauzak gertu dira eta horrela konpondu dituzte. Bai lehendakariordearena, Cyrus eta Jason artekoa, Oliviaren amarena eta Quinn-ena. Agian kapituluko onena Cyrus-en bilakaera eta aitormena izan da. Quinn-enak asko aspertzen nau. Gainontzekoa betiko martxan.
 

 

Blue Bloods – 04×10 – Mistaken Identity

 
Kapitulua Danny-ren kasuan oinarritu da. Eta kasua bera, beno, ondo egon da baina oso behartua ikusi dut musulmanen kontua. Ez topikoak betetzeagatik, baizik eta ondo gelditzearen nahiagatik, topiko horien aurka edo. Gainontzekoak gutxi agertu dira, Jamie-rena kontu pertsonal nahiko arinak izan dira eta Frank bere kontuekin ibili da kasuaren harira. Eskasa irudi zait oro har.
 

Utzi erantzuna