Kafepintxo

GPS aurpegia dut

Kaletik lasai ibiltzen (normalean guztiz despistatuta musika entzuten edo nire gauzetan pentsatzen) jendeak gelditu eta norabide bat galdetu izana bizitzan gertatzen zaizkizun gauza horietako bat da. Ez da ezer berezia, bertokoa zarela pentsatzen dute eta galduta daudenez beren helmugara nola heldu galdetzen dizute. Nik ere galdetu izan dut. Ez da aparteko ezer. Kotxeak edo kamioiak gelditu izanak norabideak emateko, beno, bitxikeriak ziren.
 
Bartzelonara bizitzera joan nintzen arte. Han emandako bi urteetan norabideak gazteleraz, ingelesez eta frantsezez eman nituen. Bakarrik euskaraz ematea falta zitzaidan. Ez dut uste bartzelonatar aurpegia dudanik, hortaz, beste zoezer izan behar du. Agian tipo jator aurpegia dut eta horrexegatik guiri eta ez hain guiriek gelditzen ninduten norabide eske. Baina agian GPS aurpegia nuela susmatzen hasi nintzen ere.
 
Basaurira itzuli nintzen eta, bai, norabide eske topatu nuen jendea. Nahiko galduta batzuk, egia esan. Baina etxean egonda ez nion garrantzia handirik eman. Edo ohitu nintzen ezezagunen GPS izatera, auskalo.
 
Baina azken gabonetan Errioxako herrixka batean nengoela handik galduta zebilen bikote batek norabide bat eskatu zidanean GPS aurpegia nuela onartzen hasi nintzen. Non eta ni guiria izan behar nuen lekuan, jendeak ere alboko herrira nola heldu galdetzen! Hori marka!
 
Baina aste honetan GPS aurpegia dudala guztiz onartu dut. Astea Bizkaiatik jira eta biraka ibili naiz nire oporretan, guiriarena lasai egiten. Barikuan Lezamatik argazkiak ateratzen nenbilela gizon bat kotxetik jeitsi eta udaletxea non zegoen galdetu zidan. Eta erantzun ere bai.
 
Bai, dudarik gabe, GPS aurpegia daukat. Beste kontu bat jendeak nire argibideak ulertzen dituen ala ez. Eta zenbat jende galdu egin den nire argibideekin. Edonola ere, Koldo naiz, nora joan nahi duzu?
 

0 Comments on “GPS aurpegia dut

Utzi erantzuna