Genetika, genomika ta beste

Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak. Uztailak 11

Uztailaren 11 eta 12an Eibarreko Markeskoa jauregian zientziaren dibulgazioari buruz hausnartuko dugu Udako Euskal Unibertsitateko ikastaro batean. Zeri buruz hitz egingo digute hizlariek? Hemen dituzu lehen eguneko laburpenak.

Kartela - Zientziaren dibulgazioa

Katedrala eraikitzen

Josu Lopez-Gazpio

Ikastaro-topaketaren hasiera-hitzaldia. Topaketaren aurkezpena, motibazioa eta helburuak. Zientzia-dibulgazioaren garrantzia (gizartearentzat, Zientziarentzat eta ikertzailearentzat). Zergatik dibulgatu behar da? Eta zergatik euskaraz?

Euskaraz Zientzia-dibulgatzeko azpiegiturak: UPV/EHUren ekarpena

Jon Zarate Sesma

  • Zientzia-dibulgazioa. Zientzialarai euskaldunek Zientzia euskaraz dibulgatzeko beharrizana. Ikertzailearen curriculuma eta dibulgazioa.
  • Kultura zientifikoaren gabeziak sasizientziei buruz norbanakoaren iritzian kriterio falta ekar dezake.
  • UPV/EHUn Zientzia komunikatzeko dauden azpiegiturak eta baliabideak.
  • Doktorego tesiak euskaraz egitearen aldeko arrazoiak.

Zientzia gizarteratzen, lurrez, itsasoz eta airez, betaurreko moreekin

Ana Galarraga

Informazio zientifiko-teknikoa gizarteratzeko  moduak, hizlariaren esperientzian oinarrituta. Hitzaldi praktikoa izango da, horretara bideratu nahi duten entzuleentzat lagungarria izateko. Hala, hizlariak zientzia komunikatzeko gakoak kontatuko ditu, medioaren arabera (telebista, irratia, internet eta papera) eta publikoaren arabera. Komunikabideetatik kanpo zientzia komunikatzeko bestelako bide batzuk ere aipatuko dira. Zientzia-dibulgazioan genero ikuspegiak duen garrantzia ere azalduko da hitzaldian.

Ekaia, zientzia euskaraz dibulgatzeko aukera

Asier Vallejo

Euskaraz zientzia dibulgatzeko arrazoiak eta aukerak. Zer da Ekaia? Ekaia zergatik eta zertarako? Nola kudeatu eta nola ezagutarazi?

Kazetarion ardura zientziaren dibulgazioan

Juanma Gallego

Zientzialariak eta kazetariak, antzeko lanbideak (egiaren bila, frogetan oinarrituta, publikatzea helburu, prekarioak). Zientzia kazetaritza eta zientziaren dibulgazioa: antzekoak bai, baina ez dira iharduera berdinak. Ikerketa kazetaritzaren beharra zientzia eta teknologiaren arloan. Teknofobia eta teknofedearen arteko oreka. Internet eta sare sozialen abantailak eta arriskuak: tontakerien aroa.

Alde praktikoa: nola hurbildu jendea zientziari; zientzialariak pixkat desmelenatu behar dira, kazetariak gure buruz “moztu”. Interesa sorrarazi, baina egiari zor.

Dibulgaziozko testuak idazteko estrategiak

Mª Jesus Aranzabe

Testu zientifikoen eta dibulgaziozko testuen arteko bereizkuntza. Dibulgaziozko testuen egitura. Dibulgaziozko testuak idazteko gomendioak.

Hitzaldiak ikuspuntu praktikoa izango du. Idatziko testu mota horien ezaugarriak nola islatzen diren aztertuko da, zabalkundeko testuak erabiliz.

Elkar ulertzera kondenatuak

Amaia Portugal

‘Komunikabideak zientzian. Zientzia komunikabideetan’ izan zen UEUko Natur Zientzien Topaketan egin zuten mahai-inguru baten izenburua. Egun hartan esan zirenak abiapuntu hartuta, zientzialarien eta kazetarien hartu-emanaz arituko da hizlaria, eta honako galderak erantzuten ahaleginduko da: zergatik gaude elkar ulertzera kondenatuak? Zertan lagun diezaioke kazetariak zientzialariari? Zertan zientzialariak kazetariari? Zergatik hainbeste beldur eta errezelo bi aldeetatik? Nola gainditu zailtasun horiek?

Utzi erantzuna