Genetika, genomika ta beste

Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak. Uztailak 12

Uztailaren 11 eta 12an Eibarreko Markeskoa jauregian zientziaren dibulgazioari buruz hausnartuko dugu Udako Euskal Unibertsitateko ikastaro batean. Zeri buruz hitz egingo digute hizlariek? Hemen dituzu bigarren eguneko laburpenak.

Kartela - Zientziaren dibulgazioa

Zergatik ez nuen dibulgatzen? (Eta orain dibulgazioaren astun bat naizen)

Koldo Garcia

Orain dela 3 urte ez nuen ezer dibulgatzen, arrotza eta zaila egiten zitzaidan eta, gainera, pertsona oso lotsatia naiz. Agian idatzita saia nintekeen, baina ikus-entzunezko baliabideen bidez? Ezta pentsatu ere. Baina beldur eta muga horiek zientziazale lagunarte bati esker gainditzen joan naiz eta honakoa ikasi ditudan trikimailu, baliabide eta gomendioen kontaketa da.

Zientziaz betetako hitzak

Guillermo Roa

20 urte dira Norteko Ferrokarrilla zientzia-saioa dagoela antenan Euskadi irratian. 1996an abiatu zen. Eta denbora horretan hausnarketa egin dugu zientzia irratiaren bitartez nola komunikatu. Irudirik ez dago, ez bada entzuleak berak sortzen dituena buruan. Baina lasai hitz egiteko aukera badago, hizkuntzarekin jolastuta, eta hizkera erabilita komunikazioan. Zientziaz betetako ahotsak ekarri ditu 20 urtez saioak, ez beti zientzialarienak, eta lehengai horrekin entretenimenduzko saio bat egin dugu. Bidean, zailtasun asko sortu dira, eta sorpresa asko ere jaso ditugu. Hitzaldi honetan aurkeztuko da nola egokitu duten irratiaren hizkuntza zientziaren kontakizunari. Helburua, entzulearekiko gertutasuna inoiz ez galtzea.

Zientziaren dibulgazioak badu harrobia

Uxune Martinez

Dibulgazioaren esparruan gauzak asko aldatu dira azken urteotan.
Bilakaera, nolabait, ezkorra da hainbat ikuspuntutik begiratuta. Baina
euskarazko zientziaren dibulgazioak uste dugun baino historia luzeagoa
du. Bestalde, zergatik da garrantzitsua zientzia dibulgatzea? Galdera horri erantzuna emateko, aztertuko dira: Corpus zientifikoaren osaketa, hizkuntzaren garapena, hezkuntza munduari egiten dion ekarpena, gizartean arrotza hurbila bilakatzearen garrantzia eta azkenik, gizarteak zientziarekiko duen interesa.

Zientziaren komunikazio soziala: erakundeak eta hedabideak. Egungo egoera: eragileen ezaugarriak, indarguneak, ahulguneak eta estrategiak.

Zelan identifika daitezke dibulgazio-gai interesgarriak?

Gotzone Barandika

Zientziaren dibulgazio eraginkorra egin ahal izateko alderdi asko hartu behar dira kontuan. Hizkuntza-maila audientzia orokorrari egokitzeaz gain, jorratzen diren gaiak gizartearekin lotuta egon behar dira. Dibulgatzaileek jasotzen dutenean kolaborazio puntualak egiteko gonbidapenak normalean gaia proposatzen diete. Beste kolaborazio-motetan berriz (adibidez, iraunkorretan), dibulgatzaileek aukeratzen dituzte gaiak. Orduan, premiazkoa da identifikatzea zeintzuk izan daitezkeen gai interesgarrienak, eta horretarako berriak eta lagunen arteko elkarrizketa arruntak dira hizlariak gehien erabiltzen ditudan inspirazio-iturriak, eta hori izango du hizpide hitzaldi honetan.

Nola kontatu zientzia publiko desberdinari?

Jon M. Matxain

Zientzia dibulgatzeko hainbat tresna ditugu gaur egun. Internet, komunikabide idatziak, irratia, telebista, eta txarlak, besteak beste. Zaila izaten da publiko adin desberdinetara heltzea, izan ere, jende guztiarekin konektatzea zaila delako. Dena den, ba ote daude trukotxo ala bide amankomunak jende anitzarengana heltzeko? Galdera hau erantzuten saiatuko da hizlaria.

Kultura zientifikoaren hartzaileak

Juan Ignacio Pérez-Iglesias

Zientzia dibulgazioak edo zientzia kulturak hartzaile desberdinak ditu. Batetik daude zientzia gaietan interesaturik dauden pertsona helduak, biztanleriaren %15 gutxi gorabehera. Bestetik jende arrunta dago, zientzian interes berezirik ez duen jendea. Eta azkenik, gazteak ditugu, oraindik prestakuntza-sistemaren baitan daudenak eta zientzia gaiak halabeharrez ikasi behar dituztenak. Zientzia gizarteratzeko orduan helburu desberdinak izan beharko genituzke kasu bakoitzean eta estrategia desberdinak erabili beharko genituzke hartzaile motaren arabera.

One comment on “Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak. Uztailak 12

Utzi erantzuna