Genetika, genomika ta beste

Zubi galduen bila

Askotan aipatzen da ikertzaileok egiten dugun lana gizarteratu behar dugula, sikiera gizarteak bere zergekin ordaintzen digutena ulertzeko eta, moduren batean, itzultzeko. Hau horrela izanda, baita ere garrantzitsua iruditzen zait zer egin nahi dugun azaltzea. Hau da, zer demontre egingo genukeen zuen sosak bagenitu. Zer ikertuko nukeen ikertzaile nagusia banintz. Hori egiten saiatuko naiz, baina ez dena, ea ez didaten ideia lapurtuko!

Tomas Meabe zubia
Tomas Meabe zubia

Eboluzionistak garen heinean, dena gure material genetikoan (genoman) “idatzita” dagoela esaten dugu, heredentziaren oinarria DNA baita. Baina, eta baina handi bat da, oraindik ez gara guztiz gai genoma mailan gaixotasun konplexu batekin lotura duten aldaerak beste mailekin lotzeko eta, ondorioz, gaixotasun konplexu horren funtzionamendua ez dugu behar bezala ulertzen. Kontuan izan informazio genetikoa hainbat mailetan zehar “itzultzen” dela funtzio biologikoak (ondo ala gaizki) betetzeko, horiek maila omiko izenez ezagutzen dira (xehetasun gehiago 1, 2 eta 3). Askotan genoma den oinarrizko maila omikoan erantzule bezala nabarmentzen dugun osagai genetikoak beste mailetan ez du aldaketarik. Eta alderantziz, beste mailetan aldaketak edo akatsak dituzten osagai genetikoek genoma mailan ez dira nabarmentzen. Lotuta egon beharko liratekeen bi gertaeren arteko zubia ez dugu ikusten, ez dakigu non demontre dagoen.

Noizbait aipatu dizuet mozkorrak bezala galdutako giltzen bila gabiltzala, bakarrik argia dagoen lekuan bilatzen dugulako. Hori kale-argi efektua izenez ezagutzen den behaketa-isuria da: bakarrik “erosoa” den lekuetan bilatzen dugu. Agian hori da gertatu zaiguna geruza omiko ezberdinen arteko zubiak eraikitzen saiatzerakoan: orain arte erabili ditugun lanabesak edo aztertu ditugun osagai genomikoak ez zirela bilatzen dugunaren erantzule.

Metroaren zubia Boluetan
Metroaren zubia Boluetan

Orduan kale-argiak molda ditzagun edo berriak egin ditzagun azalera gehiago argitzeko. Hori bi modutara egin daiteke: osagai genetiko eta maila omiko gehiago aztertu gero eta pertsona gehiagotan, hau da, esperimentu berriak diseinatu eta burutu; edota emaitza horiek aztertzeko kontzeptu eta metodo berriak asmatu eta aplikatu. Lehena askotan egiten da, baina ez dakit zein puntura arte ez den behin eta berriz kale-argi berdina erabiltzea, azken finean azken urteetan ez dugu salto teknologiko handirik izan eta jada badakizkigu bere mugak. Beste aukera nahikoa ustiatu ez dugula iruditzen zait, eta horretan oinarritzen dut nire proposamena.

Bi kontu nagusi daude hemen: alde batetik egin diren ikerketen datuak publikoak direla, eskuragarri dagoen informazio omiko kopurua ikaragarria da (terabyte neurria txiki geratu da). Bai, zuk zure etxetik jaitsi ditzakezu eta analisiak egiten jarri. Kontuan izan artikulu zientifikoak argitaratzerako orduan datu horiek publiko egin behar direla. Mugatuta dagoen informazio mota bakarra genomikoa da, berme bioetikoak direla eta maila hau babestuta dago, baina horiek aztertzeko baimena eska daiteke. Beste batetik, gero eta metodo berri gehiago eskuragarri daudela, bai kontzeptu berriak aztertzeko, bai zeudenak arinago aztertzeko. Beno, honi gehitu behar zaio gure gaitasun konputazionala emendatzen doala, lehen hilabeteak behar zituzten analisiak asteetan burutuz.

Mirafloreseko biaduktua
Mirafloreseko biaduktua

Hortaz, pena bat iruditzen zait eskuragarri ditugun datu guzti horiek ustiatu gabe uztea, orain metodo berriak ditugula eta, gainera, sortu diren datu ezberdinak (eta sortzen jarraitzen direnak) batu daitezkeenean. Ez bakarrik maila omikoak modu ezberdinetara begiratzeko, baita ere ihes egiten zaizkigun zubi horiek aurkitzeko. Demagun badakizula Bilboko 7 kaleetatik Bilbira joateko zubi bat dagoela. Baina Erriberako merkatuaren atzean jartzen zara Bilbira begira eta, ez, hor ez dago ezer. Tematuta jarraitzen duzu Erriberako merkatuaren atzean dagoela erantzuna eta Erriberako merkatuko bigarren solairura zoaz ea handik ikusten duzun. Eta ez, hor ez dago ezer. Orduan bururatzen zaizu ikuspuntua zabaltzea eta Erriberako merkatuan zentratu beharrean alboetara begiratuko duzula. Eta hantxe dituzu: eskuman Erriberako zubia, ezkerrean San Antongo zubia.

Honen adibide praktiko bat pasaden astean kontatu nizuen gaixotasun zeliakoari buruzko artikulu berria: jada existitzen ziren datu batzuk hartu, analisi berriekin berraztertu eta ordura arte ikusten ez ziren zubiak ikusi. Guzti hau burutazio bat izango da, bai, baina gauzatu daitekeen burutazio bat. Egoitz Etxebestek nire hitzak (eta pentsamendua) ederki jaso zituen Elhuyar aldizkariak ikerketa honi buruzko artikuluan:

Gaixotasun askorentzako datuak hor daude, eta emaitza berriak lor daitezke. Ona da datuak berrerabiltzea; batetik, ikerketa sostengarriago egiten du, asko aurrezten delako, eta, bestetik, begi berriekin begiratuta, gauza politak atera daitezke. Ikertzaileak garen aldetik, pentsatu behar dugu dagoeneko ditugun datuei nola berbegiratu

Muina hori da: datuak hor ditugu, ideiak eta metodoak baditugu, gaitasun konputazionala badugu… egin dezagun! Diruan eta denboran aurrezten dugu, datuak jada sortuta daudelako; zientzia xumea eta dotorea egiten dugu horrela; eta, garrantzitsuena, ondo eta asko pentsatu behar da halako analisi berriak proposatzerakoan eta emaitzei buruz hausnartzerakoan, ikertzailearen lanaren parterik dibertigarriena dena.

Gainera bi albo-ondorio dauzka guzti honek: bata, beste ikerketa taldeei bere lana erraztu eta osatu daiteke, dituzten datuei beste buelta bat emanda; bestea, kontzeptu eta ideia berriak garatu behar direnez… gero horiek jendartean azaldu behar dira. Maila omiko bakoitza, bakoitzean gertatzen dena eta nola lotzen diren maila ezberdinak. Erronka zoragarri bat.

San Antongo zubia
San Antongo zubia

Ez dakit proposamen hau interesgarria suertatu zaizun. Hala bada, berri txar bat dut zuretzat. Ezingo ditut hemen (hainbeste urtetan dena eman diodan sailean eta erakundean) burutu, ez baitu harrera ona izan, etsaitasunez jaso direla ez esateagatik. Agian noizbait, nonbait, posible izango da hau burutzea itxaropena (eta umore beltza), behintzat, ez ditut galdu. Hala bada, ez izan dudarik, lortzen noan horretaz berri emango dizut.

Utzi erantzuna