Genetika, genomika ta beste

Genetikaren sasizientzia

Sasizientzietaz idaztea oso eskertua da, modu nahiko errazean idazten den zerbait da, formekin jolasteko aukera ematen dizu eta, oro har, harrera ona izaten du. Adibidez Josuk homeopatia edo kimiofobiarekin egiten duena. Eta blog honek inoiz izan dituen bisita gehien sortu duen sarrera Josurena homeopatiari buruz izan zen KZJaia3an, ba guztiz jeloskor nengoenez, ea genetikarekin lotutako sasientziaren bat egur nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Noski, lehenengo eta behin genetika bera dago. Bai, bere hastapenetan batzuek sasizientziatzat jo zuten baina hori gainditu dugula uste dut. Beno, hori espero dut behintzat.

Daitort bilatzen ibili naizela eta ez dudala ezer aipagarririk aurkitu. Gehien hurbildu daitekeen zerbait psikogenealogia da. Hauen defendatzaileek diote orain duzun min edo gaitz bat zure arbaso batek zerbait gaiztoa egin zuelako dela, eta hori eginaren erruak zugan eragina duela. Hortaz, zure zuhaitz genealogikoa aztertu behar dela min hori eragiten duen errudun hori aurkitzeko eta horrela erru hori kendu. Lunbagoa duzu zure birraitonak behin gozoki batzuk lapurtu zituelako. Eta hori egitearen errua zugana heldu da.

Nik dakidala belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena material genetikoa da. Ez nekiena horrekin batera errua ere transmititu daitekeela. Agian geneen artean errua txertatzen da eta eskutik helduta belaunaldiz belaunaldi transmititzen da eta zure ondorengoek gero erru hori pairatzen dute. Hortaz, kontuz egiten duzunarekin, zure birlobaren tendinitisa zure errua izan daiteke eta! Txantxa dirudi baina batek baino gehiagok bere genealogia berreraiki du duen gaitz batez osatzeko. Zure arbasoak nor ziren jakiteko afizio entretenigarria da, baina zure gaitz horren jatorria ezagutzeko, ez da oso lagungarria izango.

Aitortuko dizuet oso arraroa egin zaidala gehiago ez aurkitu izana. Bazkaloste batean genetikaren sasizientzia diseinatzen hasi ginen, eta barre askoren artean, edozein iruzurtik sinatuko lituzkeen ideiak eta diskurtsoa sortu genituen. Harritzen nau oraindik beste inori sosak lapurtzeko bururatu ez izana. “Terapia genetiko dinamikoa” izendatu genuen, zure gene guztien potentzia osoa lortzen lagunduko zizun terapia. Esaldi hau astakeria hutsa da baina zientzian txarto joaten bazait, sosa batzuk lortzeko nahikoa izango zait. Agian, gero, jendeari iruzur eginaren erruak nire ondorengoek pairatuko dute, baina hori beraien arazoa izango da.

Utzi erantzuna