Kafepintxo

Bizi bakarra al dago?

Xabier Landabideak, komunikazioan adituak, eskertu zuen hainbat lagunok egiten dugun dibulgazio-lana, baina komunikabideetan zientzia jebiagoa argitaratzea ere eskertuko lukeela.

https://twitter.com/txerren/status/1374657400741974016?s=20

Hortaz, denboraldi honetarako, otu zait noizean behin gai totxoak modu hardcorean lantzea. Total, nire bloga da (ados, ez da Berria) eta bertan nahi dudana egiten dut, nire arauak apurtzea barne 😝. Gai totxo horien artean bada gauza bat niretzat liluragarria dena eta, era berean, buruhaustea eta oso hardcorea: bizi guztia (ia) berdina da. Orain dela hainbat urte gaia hona ekarri nuen eta gaurkoan berriro ere ekarriko dut hona. Orduan, Ruperren abestiei erreferentziekin egindako jolas bat izan zen; gaurkoan ariketa intelektual bezala eskakizun handiagoa duen zerbait izango da.

Bizia liluragarria da eta hamaika asmakizun egin ditu bere patuaren aurka aurrera jarraitzeko. Azken finean, bizi(tze)a da termodinamikaren arauen aurka egitea. Planeta madarikatu honetan bizi den eta bizi izan den bizidun bakoitzak gauza bera egin du: energia lortu eta aukera guztien kontra aurrera egin. Egia esan, planeta honetatik pasa diren bizidun eta espezie gehienak hilda daude (bizian ziurra den gertaera bakarra desagertzea da) baina hil baino lehenago makinaria biokimiko izugarria erabili dute (dugu) beren gene-informazioa transmititzeko. Esandakoa, gene-materialaren kopiatzea aitzakiatzat hartuta sekulako mekanismoak garatu ditugu. Guzti horrekin ados. Baina… oinarria oso homogeneoa da, bizi guztia osagai eta jarraibide gutxi batzuen bariazioak dira, oso ikusgarriak, bai, baina bariazio hutsak.

Elementu nagusia karbonoa da. Bizi guztia karbonoan oinarritzen da. Badira beste elementu batzuk ezinbestekoak direnak (oxigenoa, hidrogenoa, nitrogenoa, fosforoa eta sufrea, adibidez) baina bizitzan den-dena pasatzen da karbonoen loturetatik eta beren ezaugarrietatik. Izan ere, karbonoa lantzen duen kimikaren atalari kimiko organikoa esaten zaio. Zerbaitengatik da. Beno, ba elementu horietatik abiatuta bizirako beharrezkoak diren biomolekula-multzo nagusiak lortzen dira: karbohidratoak (azukreak), lipidoak (gantzak), proteinak eta azido nukleikoak. Multzo bakoitzean nahi beste bariazio eta aldaera aurki ditzakegu, baina, funtsean, molekula berdinen aldaerak eta bariazioak dira. Batean elementuen arteko loturak mota batekoak dira, bestean beste erakoak, etab. baina, esandakoa, osagaiak berdinak dira. Eta galdera da, bizia bakarrik posible al da horrela? Ezin da beste elementu batzuekin osatu? Eta elementu hauek berdinekin bada ere, lau biomolekula-multzo horiek bakarrik dira posible bizian? Bizia sortzeko beharrezkoak diren ezaugarri fisikokimikoak bakarrik dira posible horrela? Ez dago besterik? Energia, halabeharrez, karbohidratoetatik lortzen da eta lipidoetan gorde? Mintzak bakarrik sor daitezke proteinak eta lipidoak erabilita? Izan ere, mintzak beharrezkoak dira bizia edukitzeko? Proteinek bakarrik, eta ez bestelako molekulek, erraztu dezakete beste modu batera oso geldoak izango liratekeen erreakzio biokimikoak? Gene-informazioa bakarrik garraia daiteke azido nukleikoetan? Zeren planeta madarikatu honetan bizidun guztiok hori egiten dugu, e? Nahi beste pentsa dezakegu dena oso sofistikatua dela baina, azkenean hori da denok egiten duguna. Edo sofistikazio hori soilik dela hori egin ahal izateko.

Azido nukleikoak aipatu ditudala, goazen potxingo horretan gustura salto egitera eta blai-blai bukatzera.

Bi mota daude: DNA eta RNA. Berez, DNAn gene-informazioa gordetzen da eta RNAk gene-informazio hori gauzatzen laguntzen du. Eta proteinetara “itzultzen” du. Eta gene-informazioaren erregulazioa egiten du. Eta, batzuetan, bere burua kopiatzen du eta, inkluso, DNAra itzuli dezake. RNA ezaugarri asko dituen molekula da eta, horregatik, ikertzaile batzuek proposatzen dute hasierako bizia RNAn oinarritzen zela eta gerora DNA gailendu zela gene-informazioa gordetzeko molekula askoz ere egonkorragoa delako. Zeren, bai, DNA egonkorra den bitartean, RNA errez endekatzen den molekula da. Eta informazioa gorde nahi bada zeozer fidagarria beharrezkoa da. Hori DNAk ematen du. Kontuan izan ere, DNAn gene-informazioa bakarrik lau base nitrogenaturen konbinazioekin gordetzen dela (adenina, guanina, zitosina eta timina); RNAren kasuan timinaren ordez, uraziloa erabiltzen da. Bost base nitrogenatu gene-informazio guztia gobernatzeko. Planeta madarikatu honetako bizidun guztietan. Gene-informazioa berdin-berdin gordetzen da laku bateko bakterio batean, zuhaitz batean eta zuhaitzean dagoen txorian.

Gainera, DNA-RNA bikote honek badu beste ezaugarri homogeneo bat: gene-informazioa proteinetara “itzultzerakoan” bizidun guztietan (ia) berdina da. Kode genetikoa (DNA proteinetara itzultzeko Rosetta harria) oso kontserbatua dago bizidunen artean, eta oso aldaera gutxi daude (asko jota, bariazio txikiak dira, ez Rosetta harri guztiz ezberdinak). Proteinak hogei aminoazidorekin eratzen dira eta DNA/RNA sekuentzien hirukote bakoitzak horietako aminoazido bat kodetzen dute. Adibidez, CCA hirukotea prolina aminoazidoari dagokio. Bai bakterioan, zuhaitzean edota txorian.

Hau da dagoena. Hori da gene-informazioaren hizkuntza eta itzulpena. Esan bezala, kode genetikoan badira bariazioak, baino kanonikoa denaren aldaerak besterik ez dira. Berriro ere, ez dira posible beste aminoazido batzuk eta bestelako loturak? Edo soilik posible dira hauek? CCA irakurtzen duen RNA bakarrik lotu daiteke prolina batekin ezaugarri fisikokimikoek hori bakarrik ahalbidetzen dutelako? DNA-RNA jokoa bakarrik posible da ezagutzen dugun moduan beren ezaugarriek ez dutelako gehiagorako ematen? Ez dira posible beste base nitrogenatu batzuk? Ez dira posible bestelako elkarrekintzak?

Zeren guzti hau zoriz gertatu da. Bizia zoriz sortu zen eta zoria izan da bere berrikuntzen iturburua. Ondorioz, aurreko guztia azaltzeko bi aukera daude: edo bizia bakarrik da posible ezagutzen dugun forman, ezaugarri fisikokimikoek ez dutelako beste aukerarik ematen; edo beste aukera horiek gertatu gertatu dira, baina ez dira arrakastatsuak izan, efizientzia faltagatik edo zoriagatik. Gertatu gertatu badira, non daude? Agian bidean galdu dira eta ez dugu arrastorik aurkitu edo agian lagindu ez dugun ingurune batean daude. Orduan, bizia modu bakarrean gertatzea edo bizi anitzak egotea ebazten ezinezkoa den galdera al da?

Hor dago koska. Horregatik hain garrantzitsua da planeta madarikatu honetatik kanpo bizia bilatzea eta aurkitzea. Martitzen bizi den edo izan zen bakterio bat aurkitzen badugu, karbohidratoak, lipidoak, proteinak eta azido nukleikoak izango al ditu? DNA eta RNA al dute? Hala bada, bost base nitrogenatu horiek al dituzte eta kode genetikoa berdina al da? Hau da, biziaren oinarria Lurran eta Martitzen berdinak al dira? Hala bada, aukera bakarra hori delako edo lurtarrak eta martetarrak jatorri berdina dugulako? Bizia beste nonbaiten sortu zen (eta han daude beste saiakeren arrastoak) eta gurera heldu zen meteorito batean? Eta martetarrek bestelako ezaugarri biologikoak badituzte, zeintzuk dira? Horrek esan nahiko luke beste bizi batzuk posible direla eta, ondorioz, kontzeptu biologiko asko astindu beharko genituzkeela. Gene-informazioaren ezaugarrietatik abiatuta. Eta horrek irekitzen dituen aukerak eta jakintzak imajinaezinak dira.

Daitort testu guzti honek ariketa antzu bat irudi dezakeela. Baina bizia bera ulertzea, definitzea eta bere ezaugarriak zorizkoak, bakarrak edo saihestezinak diren jakitea biologia beraren oinarriaz hausnartzera eramaten gaitu, bai bizia zentzuan, bai jakintza-arlo zentzuan. Eta iruditzen zaidalako ere ez gaudela hemen (ikerkuntzan, dibulgazioan edo bizitzan oro har) azaleko kontuez bakarrik aritzeko. Noizbehinka gure jakintza-arloaren muinera jo behar dugula ulertzeko egiten ari garena eta ezagutzeko onartzen ditugun iruzur intelektualak. Zeren, egia esan, ez dakigu planeta madarikatu honetan dagoen bizia den bizi posible bakarra, baina kontzeptu biologiko totxo gehienak horretan oinarritzen dira. Azken finean ez baitugu beste behaketarik. Behatu duguna da planeta honetan bizia oso antzekoa dela. Beste bizirik ez delako posible edo zoriz hau gertatu delako? Agian inoiz jakingo ez dugun zerbait. Baina bizia ikertzen duen jakintza-arloak bere buruari egin behar dion galdera zintzoa da.