Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Ikerkuntza burujabetza

40. Tori zenbaki borobila. Hamarrekoaren aldaketa. Halakoetan bi gauza gertatu ohi dira: egindakoa berrikustea eta krisi bat pairatzea. Hamarkada honetan hainbeste gauza egin ditut berrikusketa egitea nekagarria iruditzen zaidala; krisi bat edukitzea, ez da nire aldartearekin bateragarria. Nirekin bateragarriagoa da esatea “orain zein mobidetan sartuko naiz?”. Zaharregia naiz aldatzeko.

30en hamarkadan jakintza birbanatzea izan da landu dudan ideia nagusia. Ez dibulgatzetik, erreferente izatera pasa naiz. Egiten dudan lanari buruz, genetikari buruz edo zientziari buruz asko idatzi eta hitz egin dut, publiko mota ezberdinen aurrean, beti solasa eta konplizitatea bultzatuta; eta besteak animatu eta ahaldundu beren jakintza zabaltzeko. Baita ere, iruditzen zait orain dibulgazioari garrantzia eta aukera gehiago ematen zaizkiola orain dela hamar urte baino, eta iruditzen zait ere horretan nire aletxoa jarri dudala. Egindakoarekin oso pozik nago eta herri honi ekarpen garrantzitsua egin diodala uste dut eta, noski, horretan jarraituko dut.
Hala ere, jakintza birbanatzearekin ez naiz konformatzen. Zein jakintza, nola, eta nork sortzen duen eta horrek gizartean eta norbanakoetan duen eragina aztertu beharko genukeela iruditzen zait, egiten dugun zientziari buruz hausnartu, hain zuzen ere. Beno, ezagutzen nauzuenontzat ez da ezer berria guzti hau, batzuetan titular nahiko argiak eman baititut. 40.en hamarkadan, ikerkuntza burujabetzaren ideia landu nahiko nuke, hau da, nola erabakitzen dugun zein den gure agenda zientifikoa, zer eta nola ikertzen dugun.
Zientziaren munduan ibiltzen garenok esan ohi dugu ezagumendua unibertsala dela, homologazioa izan behar duela prozedura unibertsalak erabiltzen direlako, eta, nolabait, zientzia-komunitateak zuzentzen duela zer ikertu, ikertzaileon interes neutral eta aseptikoek gidatuta. Gure iparrorratza errealitateari buruz gehiago jakitea dela modu objektibo eta ez alderdikoi batean. Hori ikerkuntzaren munduan hasten zarenean pentsa dezakezu, baina ikerkuntza-sistema ezagutzen duzunean guzti hori gezurra eta aitzakiak besterik ez direla ohartzen zara. Bi gauza egin ditzakezu: gezurrean murgildu gertatzen den guztiari begiak itxita; ala ahal duzun bezala iraun zure arima, balioak eta izaera saldu gabe, kanporatzen zaituzten arte.
Unibertsaltzat jotzen da gizon txuri cishetero anglosaxoi burgesei interesatzen zaiena. Hortik kanpo dagoena ez du interesik, inpakturik edo garrantzirik. Eta denok zer ikertzen dugun eta nola ikertzen dugun horren arabera moldatzen dugu, gure curriculumean puntuak emango dituen gauzak egiten. Horrek aje oso kezkagarriak sortu ditu: titular espektakularrak sortzea zientziaren sinesgarritasuna kaltetzen badu ere, metodologikoki susmagarriak diren gauzak egitea, erreproduzigarritasunaren krisia bizi izatea, emakumeak baztertzea, edota ikertzaileentzat ingurune toxiko bat sortzea. Hain sartuta gaude sistemaren mantentzean, gure burbuila autojustifikatuan, gauzarik garrantzitsuena ahaztu egin dugula: gure ofizioak erantzukizun sozial erraldoia duela. Hain da hala, Europar Batasunak “ikerkuntza eta berrikuntza arduratsua” kontzeptua txertatu duela kudeatzen dituen ikerketa-proiektuetan, ikerketak eta ikertzaileak gizartearekin duten konpromezua gogoratzeko eta bermatzeko. Sei ardatzetan mugitzen da (gobernantza, etika, berdintasuna, sarrera irekia, herritarren formazioa eta zientzia herritarra) eta ez badugu nahi termino eta tramite hutsalean gelditzea, aukera hau baliatu behar dugu edukiz betetzeko.
Azken finean ikerkuntza burujabetza hori baita: erabakitzea nola gobernatuko dugun zer eta nola ikertzen den, eta kontuak nola emango diren; komunitate baten konpromezu eta oinarri etikoen barruan egitea; berdintasuna bermatuko dituzten praktikak ezartzea; mundu guztiak sarbide izatea ikertzen den horri; gizarteak ikertutako hori ulertzea eta bere onurak jasotzea; eta herritarrek ikerkuntza-prozesuan parte hartzeko aukera izatea, subjektu moduan.
Askotan azken honekin arazoak izaten ditugu ikertzaileak. Zer ikertzen dugun erabakitzea beti komunitate zientifikoaren baitan egiten dugu. Nolabait atearen kontrola galtzeak beldurra ematen digu. Hori justifikatzeko gure buruei eta gobernatzen gaituztenei esaten dieguna zera da “jendeak ez du ulertuko egiten duguna, ulertzen zaila delako edota askotan erabilera praktikorik ez badu ere, hori ikertzea beharrezkoa delako”. Beno, horrek konponbidea du: jendeari hori azaldu eta jendea zientzietan ahaldundu. Horrela ulertuko dute eta hobeto baloratu egiten duzun hori. Baina, noski, horrek puntuak ematen ez duen lana eskatzen du eta errazagoa da atearen kontrola guretzat mantentzea.
Zeren, azken finean eta ikerkuntza-ereduaren auzi guzti honen muinean zera dago: ea ikertzaileok gure buruak komunitate esklusibo baten parte bezala ikusten dugun (zientzia-komunitatea lehenesten dugun) edo bestelako komunitate baten parte (bizi garen komunitatea lehenesten dugun). Munduan gure buruak nola kokatzen ditugun guzti hau baldintzatzen du eta burujabetza talka bat ematen da: batean, bizi garen gizartetik kanpo ikusten dugu gure burua, ez diogu inolako azalpenik eman behar eta ikertzen dugun oro objektu gisa tratatzen dugu, zientziaren (beno, gure egoaren) mesedetan; bestean, bizi garen gizartearen parte ikusten dugu gure burua, gizarte horri azalpenak emanez eta ikertzen dugun oro subjektu gisa tratatzen dugu, gizartearen beharren mesedetan.
Hau abiapuntu bat besterik ez da, handik eta hemendik entzun ditudan ideiak jasotzen eta lotzen ibili naiz. Orain ideia hori lantzea gustatuko litzaidake, zuen laguntzarekin eta ekarpenekin batera. Herri bezala ditugun beharrei aurre egiteko, behar ditugun lanabes intelektualak sortzeko eta gure buruak irudikatzeko. Beste edozein burujabetza bezala.