Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Dieta doitu bat heste minberaren sindromeari aurre egiteko

Heste minberaren sindromea populazioaren %5-%20 artean pairatzen duen gaitz bat da. Zerbait organikoak huts egiten ez duenez ez dago modu argirik diagnostikoa egiteko (analitiketan ez dago ezer txarto, kolonoskopia egitean dena ondo dirudi) eta sintomen arabera egiten da diagnosia. Ohiko sintomak dira tripetako mina eta komunera joateko arazoak. Kasu batzuetan idorreria da nagusi, beste kasu batzuetan beherakoa, eta nahasketak ere daude. Sindrome hau hilgarria ez bada ere, pairatzen dutenen bizi kalitatean eragin handia dauka. Guzti honen ondorioz tratamendu egokiak aurkitzea zaila da eta dietan esku-hartzea izan da aukera terapeutiko bat.

Hainbat dieta erabili dira baina horietako batzuen eragina mugatua izan daiteke pertsona batzuetan. Kontua da, heste minberaren sindromea duten pertsona batzuetan, batez ere beherakoa duten pertsonetan, sakarosa (azukrea) liseritzeko arazoak izan ditzatekela. Dieta batzuek ez dutenez sakarosa mugatzen, ba pertsona horientzat ez dute guztiz ondo funtzionatuko. Hala, suediar ikertzaile batek sakarosan eta fekulan baxua den dieta bat probatu zuten heste minberaren sindromea duten pertsonetan eta emaitza oso onak lortu zituzten. Orain gutxi argitaratu diguten lan batean, dieta hori gurera ekarri dugu, Basque Culinary Centerreko ikertzaile eta chef-ekin batera, platerrak eta menuak diseinatuz, eta parte-hartzaileen jarraipena eginez. Sindrome hau duten hainbat pertsonari  ikerketa-pilotu honetan parte hartzera gonbidatu zitzaian, 34k baiezkoa eman zute eta dieta hau lau astez jarraitu zuten.

Ikerketa-pilotu bat bada ere, lehenengo ziurtatu behar genuelako dieta gurera ekar zitekeela (gure kultura gastronomikoa altua baita), emaitzak oso itxaropentsuak izan dira. Bi astetara jada sintomen eta bizi kalitatearen hobekuntza nabariak zen, eta lau asteen ostean, are gehiago. Hobekuntza hori sintoma guztietan eta bizi-kalitatearen ertz guztietan ikusi zen. Gainera, baimenduta zauden elikagaian balorazioa ona izan zen, dietaren jarraipena altua (ziurrenik errezetak eta menuak eskaini zitzaiezkielako) eta ez zuten aparteko zailtasunik izan jarraitzeko. Bi hilabetetara balorazio bat egin zuten eta, hobekuntzak dietaren bukaeran bezain onak ez baziren ere, oraindik hobekuntza nabaria zen.

Hala ere, lan honek hainbat muga argi ditu. Lehena, pertsona kopurua txikia da. Egia da, emaitzak hain esangarriak izateak iradoki dezakeela hobekuntza nahiko nabaria dela, baina, orain kopuru hori handitzea dagokigu emaitzak baieztatzeko. Mugarik nabariena da ez dugula beste dieta batekin erkatu edo kontrol talde batekin (azken hau plazebo efektua saihesteko). Esan bezala, lehenengo funtzionatzen ote zuen jakin nahi genuen. Orain badakigula alternatiba bat izan daitekeela, beste dieta batzuekin konparatu beharko dugu. Plazebo efektua dela eta, hori neurtzeko epe luzeagorako erantzunak ikusi beharko genituzke, denborarekin dieten eraginkortasuna jasten baitira. Horretan lanean gabiltza.

Emaitzak Therapeutic Advances in Gastroenterology aldizkarian argitaratu dira eta espero dugu heste minberaren sindromea duten pertsonei laguntzeko ate bat ireki izana eta bide honetan sakondu ahal izatea. Dieta jarraitzea gogorra da baina badirudi sintomak eta bizi-kalitatea hobetzeko baliagarria dela, dieta hau gurera modu eraginkorrean ekarrita.