Kafepintxo

Zientzian jolasten eta endredatzen (IV): Nire baldintzekin hil

Behin EHUn nire zikloa bukatuta eta itxita zegoela onartuta, Biodonostiara egin nuen salto. 2017a zen Donostiara heldu nintzenean. Hilabete gutxi batzuetarako kontratua neukan. Baina bizitza da den modukoa eta, gauza batzuk hemendik, beste batzuk hortik, azken sei urteak bertan ikertzen eman ditut. Denetatik gertatu den sei urte. Eta denetatik diodanean, guztiok dakigu denetatik gertatu dela urte hauetan.

Joan nintzen ikerketa taldea nazioartekoa zenez, dinamika eta inertzia berrietara ohitu behar izan nintzen. Ez hobeagoa, ez okerragoa, ezberdina. Eta gero beste gauza batzuk gertatu ziren pixka bat lekuz kanpokoak, baina, tira, hilabete gutxi batzuetarako nindoan eta mentalki beste gauza batzuetara nengoen. Gauzak gertatzen joan ziren (ez dut horretan sartu nahi) ikertu zerbait ere bai eta 2019an ikerketa-taldean bakarrik gelditu nintzen. Eta, ondorioz, bere buru. Hala, ikerkuntza nire baldintzetan egiten hasi nintzen: gertukoa, patxadatsua eta arduratsua. Egia da inertzia bat zuen talde bat hartzea eta norabide berri bat ematea lana izan zela, baina argi nuen zer eta nola egin nahi nuen. Eta txalupa bideratzen hasita nuela… pandemia heldu zen. Dena hankaz gora jarri zuen, lehentasunak aldatu nituen eta bestelako planteamendu bat egin. Onartuko dizuet arraroa izan zela ikustea ikertzaile batzuk ezer gertatuko ez balitz bezala funtzionatzen jarraitzen zuten bitartean beste batzuk komunitatearen aurrean agertzen ginela egoera ulertzen laguntzeko. Gogorra izan zen nire beldur propioak alde batera uztea eta itxialdian egunero zerbaitekin ateratzea lagun bezala zerbait kontatzeko. Ikasketa prozesu erraldoia izan zen. Oso aberasgarria eta egindakoarekin oso gustura gelditu nintzen. Egoera lasaitzen joan zen heinean, egin nahi nuen ikerketa egiten joan nintzen.

Argi dago dibulgazioa eta herritarretik gertu dagoen ikerkuntza egitea zutabe sendoak izan direla azken urte hauetan. Pandemia aurretik lortutako sinesgarritasuna eta eskarmentua oso baliagarriak izan ziren gero gertatu zenari modu egoki batean aurre egiteko. Ez bakarrik pandemiarekin lotuak komunikabideetan agertzea, baita ere, eta batez ere, nire lanaz edo lanarekin lotutako gaiez foro ezberdinetan egindako ekarpenek izandako harrera. Bereziki pozik eta harro nago Zientzia Kaieran idatzi ditudan artikuluekin eta Izortzerekin batera Naiz Irratiko tertulia zientifikoarekin. Gehi kontatu ezin daitekeena baina hor dagoena, itzalean egindako lana. Eta ezin dezaket ahaztu UEUn eta UEUri eskeri ikasi dudan guztia urte hauetan. 50. urteurrenaren harira egin genuen guztia eta egin nuen guztia (antzezle, aurkezle, bakarrizketalari, oroigarri emaile, moderatzaile, solaskide,…) itzela izan zen. A ze urteak. Ikaragarria.

Esan bezala, zientzia nire baldintzetan egitea lortu nuen. Ekarpen zientifikoarekin oso pozik eta gustura nago, eta oso harro: Gure populazioan hesteetako hanturazko gaixotasunaren gene-oinarriaren ikerketakolon eta ondesteko minbiziarenakolon eta ondesteko minbizian eragiten duten maila biologiko ezberdinen ikerketa,  kolon eta ondesteko minbizian mikrobiotaren eragina laburbiltzea, eta heste minberaren sindromeari aurre egiteko dieta baten saiakera . Baita ere, lan-taldearen burua hartu baino lehenagoko inertzietatik heste minberaren sindromean azukrea digeritzeko geneak duen eragina eta enpatxuen gene-oinarria ikertu genituen eta kolaborazioen artean nabarmenduko nituzke COVID-19aren larritasunaren inguruan egindako gene-ikerketak, nazioarteko aldizkari ospetsuenetan argitaratuak izan direnak.

Inoiz ez dut karrera zientifiko bat egin izan nahi eta ez diet metrikei garrantzia handirik eman. Hau idazten ari naizela 52 agiri, 2144 zita eta 16-ko h-indizea daukat Scopus-en arabera. Sari bakarra jaso dut 17 urte hauetan eta ez naiz inoiz ez izar, ez talentudun, ez profil altukoa izan. Ze balio du guzti horrek? Ba bakoitzak eman nahi dion balioa, egia esan. Ni beste gauza batekin gelditzen naiz: euskal komunitatearen maitasunarekin eta estimuarekin. Hori ikertzaile gutxik esan dezakete. Nire baldintzekin hil egin naiz ikertzaile bezala eta kafepintxo batekin ospatuko dut. Baina lanak ematen jarraituko dut. Ez izan zalantzarik.